Inicio » Noticias » «Krisia eraldaketaren motorra izan da eg ...

«Krisia eraldaketaren motorra izan da egurraren enpresentzat»

«Krisia eraldaketaren motorra izan da egurraren enpresentzat»

Egurraren sektorearen pisua nabarmendu du Habic klusterreko zuraren arduradun Xabier Perez de Arenazak (Donostia, 1988). Eraikuntzarako «lehengai iraunkorrena» dela dio. Basoak ustiatzen jakin behar dela dio, porlana ekoiztea baino hobea dela.

Ematen du egurraren sektorea suspertzen ari dela, baita eraikuntzari lotuta ere. Nork esan behar zuen...

Gure sektorean ez zen oinarrizkoa eraikuntza, baina krisiak eragin digu, bai. Orain, suspertzen ari gara, baina hazkundea beste gako batzuek bultzatzen dute. Eraikuntzan hazten ari garena egurraren ezaugarri bikainen inguruan ari da gertatzen, iraunkortasuna eta eraginkortasuna aurretik jarrita.

Ez ote da arriskutsua eraikuntzari lotuta haztea berriro?

Ez du zertan horrela izan. Gure sektorearen susperraldia eraikuntzari lotuta doa. Horrek ez du esan nahi zuraren kopuru handi-handi bat eraikuntzara bideratzen dela, baina lehen egiten zena baino askoz gehiago da, hori seguru.

Zergatik du egurrak iraunkortasun handiagoa porlanak baino? 

Ez daude eraikitzeko hainbeste gai: altzairua, plastikoak, porlana, adreiluak eta egurra. Askoz ere hobea da egurra ekoiztea, besteak ekoiztea baino, ingurumenari eta beste aldagai batzuei begira.

Baserri zaharren habeetan ote dago benetako egia?

Orain mende batzuk arte eraikuntzak egurrarekin egin behar ziren, baita lehen auto eta trenenak ere. Teknologiak aldatu zuen hori. Egurrak desabantailak zituen: gutxiago irauten zuen, eta mugitu egiten zen, bizirik baitago. Baina egurra ordezkatzera eraman zuten ezaugarri horiek mugatzea lortu da, eta berriro ere egurra bueltatzen ari da, gai horiek kutsakorragoak direlako, garestiagoak eta mugatuagoak zenbaitetan. Gertatzen dena da orain egurrak beste gai horien ezaugarri onenen pare egon behar duela. Jauzi teknologiko bati esker lortzen ari da.

Egurrak egur izan behar du, eta porlanaren abantailak eduki aldi berean?

Bai, hala da. Berezkoak zituen arazoak ezabatu eta beste gaien abantailak eman behar zaizkio.

Egurraren eskaerak gora egiten badu, ez ote dute basoek nozituko? Ez ote da ingurumenaren kalterako izango, finean?

Basoa zaindu eta kudeatu behar da, eta behar den bezala ustiatu. Baina zerk egiten dio kalte handiagoa ingurumenari, porlana ekoizteko prozesu osoak eskatzen duenak ala basoa oinarrizko prozesu industrial batzuen bidez ustiatzeak? Erantzuna argia dela uste dut. Hori baita eztabaida: basoa kudeatzea eta ustiatzea, ala porlana eta beste gai batzuk ekoiztea. Denok dakigu eraikuntza horiek egin egingo direla azkenean; beraz, hobe dugu pentsatzea eraikuntza horiek egiteko modu iraunkorrena zein den.

Altzairuen esparruan, krisiak bereziki zigortu zuen alorrean ere ari dira enpresa batzuk suspertzen...

Krisia eraldaketa baten motorra izan da. Lehen diseinatu eta ekoizten zen produktua soilagoa zen, oinarrizkoagoa. Ez zen produktu espezializatua, salmenta bolumena handia zenez ez zegoelako horretarako beharra. Krisiari aurre egitea lortu dutenek txipa aldatu behar izan dute, ordea, eta eredu aldaketa horrek espezializazioa ekarri du.

Zertan?

Diseinua lantzen ez zutenek agian diseinuzko altzariak egiten dituzte orain, edo egurra apenas lantzen zutenek orain prozesu teknologikoak sartu dituzte egur bereziak eskaintzeko. Internet baliatzen ere hasi dira beste batzuk, salmenta modu berriak garatzeko.

Geroa ez zutenek geroa edukitzeko modua topatu dute?

Ez dugu esango altzarien sektorea hazi egin dela, baina bizirik irauteko aukerak handitu egin dituzte, zalantzarik gabe. Lanpostuei eustea ez da gutxi, eta merkatuan hobeto kokatua egotea ere ez.